Sobietar Batasuneko historia (1927-1953)
From Wikipedia, the free encyclopedia
1927-1953 bitarteko Sobietar Batasuneko historiak Iosif Stalinen agintaldia hartzen du, estalinismoa ezarri zuenetik bera hil zen arte. Sobietar Batasuneko historiaren une nagusia da, hiru hamarkada horietan zehar taxutu baitzen, bai alor politikoan bai ekonomikoan, sobietar sistema. Stalinen aroko elementu adierazgarrienetako batzuk, baina (masa terrorea, esaterako), 1953 ondoren desagertu ziren.
Urteak behar izan zituen Stalinek aginpidean lehiakiderik ez izateko; 1930 ondoko urteak arte ez zuen lortu. 1930eko hamarkadan formula ekonomiko berriak eta gogorrak bultzatu ziren (industrializazioa, nekazaritzaren kolektibizazioa) eta, bestalde, gogor zapaldu zen politika jarduera oro. 1941etik aurerra, Alemaniaren erasoak, uste izatekoa den bezala, bestelako premia larriago batzuk eta zenbait aldaketa ideologiko eragin zituen, errusiar nazionalismo ordurako sendoaren mesederako. Gerra bukatutakoan, baina, 1941 baino lehen indarrean zeuden arauetako batzuetara itzuli zen.
Ez dago ukatzerik herrialdea Stalinen gidaritza hertsiaren pean egon zen hiru hamarkada horietan SESBk hazkunde ekonomiko handia izan zuela. Hori bai, biztanleriaren egundoko pairamenaren lepotik egin zen hazkunde hori, eta ondoko belaunaldiei zama ekonomiko ikaragarria utzirik: baliabideak agorturik, ingurugiroa hondaturik. Bigarren Mundu Gerrak, bestalde, munduko herrialde ahaltsuenen artean kokatu zuen SESB.