Bulgaria-Bizantzio gerrak
From Wikipedia, the free encyclopedia
Bulgaria-Bizantzio gerrak bizantziar eta bulgariarren arteko gatazka armatu batzuk izan ziren. Borrokak Asia Txikiko protobulgariar talde bat Balkanetako penintsulan kokatu zirenean hasi ziren, V. mendean, eta, 680. urtearen ondoren, hego-ekialderantz zabaltzen hasi zen, Asparukh khan buru zela. Hurrengo mendean zehar, bulgariarrek eta bizantziarrek borrokan jarraitu zuten, Krum buru zuten bulgariarrek bizantziarrak garaitzea lortu zuten arte. 814an, Krum hil ondoren, bere seme Omurtagek hogeita hamar urte iraun zuen bakea sinatu zuen Bizantziorekin. 893an, gerra biziaren beste fase batean, Simeon I.ak, Bulgariako tsarrak, berriro garaitu zituen bizantziarrak Ekialdeko Europan inperio handi bat eraikitzeko saiakeran, baina azkenean porrot egin zuen.
Bulgaria-Bizantzio gerrak | |
---|---|
Mota | gatazka |
Denbora-tarte | 680 - 1355 (egutegi gregorianoa) |
Data | 1355 |
Kokaleku | Balkanak |
Parte-hartzaileak | |
971n, Joan I.a Tzimiskes bizantziar enperadoreak, Bulgariako Inperioaren zatirik handiena menderatzea lortu zuen Boris II.a garaitu eta Preslav hiriburua konkistatu ostean. Basilio II.ak 1018an amaitu zuen Bulgariaren konkista, Klidio-ko guduan irabazi ostean. Hurrengo hamarkadetan, bizantziar boterearen aurkako matxinada ugari izan ziren, baina, 1185. urtean, Teodoro Pedrok eta Ivan Asen I.ak Konstantinoplako uztarria astintzea lortu zuten, Bizantziar Inperioko dinastiko gatazkak aprobetxatuz.
1204an, gurutzatuen Konstantinoplaren konkistaren ondoren, Kalojan Bulgariako enperadorea lagunarteko harremanak ezartzen saiatu zen sortu berria zen Inperio Latinoarekin, baina gurutzatuek uko egin zioten hurbilketari. Jasandako arbuioaren aurrean, Kalojan Nizeako Inperioarekin aliatu zen (Konstantinopla erori ondoren sortutako bizantziar estatuetako batekin) gurutzatuen boterearen aurka. Inperio Latindarraren erorketaren ostean, bizantziarrek (bulgariarrek bizi zuten gerra zibila aprobetxatuz) Traziako zatiak konkistatu zituzten, nahiz eta handik gutxira Teodoro Svetoslav enperadoreak berreskuratu zituen. Bulgaria-Bizantzio harremanak ezegonkorrak izan ziren otomandarren botere berriak 1422an Bulgariako Inperioa eta 1453an Bizantziar Inperioa suntsitu zituen arte.