Espainiako Gerra Zibila Donostian (1936)
From Wikipedia, the free encyclopedia
Espainiako Gerra Zibila Donostian 1936ko uztailaren 18tik irailaren 13ra garatu zen lehen fasean, Espainiako hainbat tokitan nagusitutako indar kolpistak Donostian garaile sartu arte; bigarren fase batean, berriz, Donostia erretagoardian geratu zen, eskasiaren eta herritarren errepresio gogorraren erdian. Hilabete eta erdiko erresistentziaren ondoren, Donostia Irundik eta Oria haranetik zetozen Altxamenduaren aldeko indar militarren menpe erori zen, eta horrek aldaketa handia ekarri zion hiri barneko eguneroko bizitzari.
Erresistentzia militarraren aldian, hiria errepublikaren aldeko indar politiko desberdinen arteko oreka bihurri batean bizi izan zen. Irun galtzean, zenbait donostiarrek ihes egin zuten Bidasoko mugan barrena Lapurdira; Donostia galdu eta berehala, berriz, hamar milaka herritarrek ihes egin zuten Bizkai aldera. Gerraren ondorio zuzenak artean hilabetetan luzatu ziren, aldaketa instituzionala, pobrezia eta errepresioa uztartu zituena. Donostiaren okupazioari, Gipuzkoakoak jarraitu zion, 1936ko irail amaieran burutua Bizkaiko mugaraino.
Donostiako erretagoardian, hiria kolpisten diplomazia eta propagandaren gune nagusi bihurtu zen, baita II. Errepublikaren kontrolpeko eremuetatik ihes egindako elite eta profesional eskuindarren bizileku, lantoki eta atsedengune ere. Ondorioz, 1939an gerra amaitu zenerako, hirukoiztu egin zen 1936ko irailean Donostian geratu zen biztanleriaren kopurua. Donostia Franco diktadorearen eta erregimenaren udako bilgune izatera pasa zen hurrengo urte eta hamarkadetan.