Eztei
From Wikipedia, the free encyclopedia
Ezteiak ezkontza ospatzeko egiten diren erritu eta ohituren multzoa dira, hala nola eztei-oturuntza eta eztei-bidaia.
Antropologo eta etnografoek igarotze-errituen multzoan kokatzen dute, pertsonen mugimendu soziala ospatuz, ezkongabeen multzotik ezkonduen multzora, hain zuzen, eta helduarorako sarrera beste kultura zenbaitetan. Kultura batetik bestera ezteien ospakizuna hagitz aldatzen bada ere, elementu komunak izaten dira, ezkonberrien egoera berriaren idealak irudikatzen dituztenak: gehienetan ezkongaiak elkarri hitz eman (ezkontzaren egonkortasuna irudikatzen duena), opariak eskaini (aberastasun materiala opatuz) eta ezkontzaren aldarrikapen publikoa eta oturuntza egiten dira ezteien eredu nagusian. Inguruko jende gehien biltzen duen igarotze-errituetako bat izaten da, hala nola familia zentzu zabalean (osaba-izebak, lehengusuak...) eta lagunak, giza talde txikiagoa biltzen duten jaiotza edo urtebetetzeen aldean. Aldi berean, beste igarotze-errituak baino elementu gehiago biltzen dituzten ospakizunak dira (liturgia, oturuntza, objektu baliotsuak, jantzirik dotoreenak, musika alaia, besteak beste) eta aurre eta ondorengo ekitaldiak ere biltzen ditu (adibidez, aurretik ezkongabearen agurtzea, eta eztei-bidaia ondoren).
Aurretik prestakuntza denbora luzea eskatzen duen ospakizuna ere izaten da, kultura batzuetan urteetan zehar ere luzatzen dena, eta protokolo bati jarraiki egiten da. Aldi berean, ezkongaientzat eta familientzat ere gastu handiak ekartzen dituen ospakizuna izaten da, nabarmendu nahian ezteietarako erosten diren opari, jantzi eta bidaiak direla eta. Horregatik, marketinean arreta handia erakartzen duen ekitaldia da eta ekonomia orokorrean ere eragin nabaria izaten du.
Beste alde batetik, zilarrezko eta urrezko ezteiak izenekoak ere ospatzen dira, bikoteak 25 eta 50 urtez ezkondurik iraun duenean, hurrenez hurren. Bikote gutxik lortzen du 75 urtez ezkondurik eta bizirik irautea, bikote gutxik lortzen du diamantezko ezteiak ospatzea.