Greko-turkiar gerra (1919–1922)
Turkiar Independentzia Gerraren garaian gertatutako gerra / From Wikipedia, the free encyclopedia
Greko-turkiar gerra (1919-1922) (turkieraz: Türk-Yunan cephesi, lit. Greko-turkiar frontea; grezieraz: Ελληνοτουρκικός πόλεμος, Ellinotourkikós pólemos) Greziaren eta Turkiako Nazio Mugimenduaren arteko borroka izan zen, Lehen Mundu Gerraren ondotik Otomandar Inperioa zatitu bitartean agitua, 1919ko maiatzetik 1922ko urrira.
Greko-turkiar gerra | |||
---|---|---|---|
Greziar infanteria Ermosen | |||
Data | 1919ko maiatza– 1922ko urria | ||
Lekua | Mendebaldeko Anatolia | ||
Emaitza | Turkiarren garaipena. | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Greziako kanpaina abian jarri zen, nagusiki, mendebaldeko aliatuek, bereziki David Lloyd George britaniar lehen ministroak, Greziari agindu ziotelako lurraldeak irabaziko zituela Otomandar Inperioaren kaltetan, inperio hori galtzaile atera baitzen Lehen Mundu Gerran. Anatolia, otomandarrek bereganatu aurretik, Antzinako Grezian eta Bizantziar Inperioan kokatzen zelako agindu zitzaion hori Greziari.
Gatazka armatua 1919ko maiatzaren 15ean hasi zen, Greziako indarrak Esmirnan (gaur egun Izmir) lehorreratu zirenean. Lurraldean barneratu eta Anatolia mendebaldea eta ipar-mendebaldea hartu zituzten, besteak beste, Manisa, Balıkesir, Aydın, Kütahya, Bursa eta Eskişehir hiriak. Turkiar indarrek gerarazi egin zituzten Sakarya guduan, 1921ean. Fronte greziarrak behea jo zuen 1922ko abuztuan, turkiarrek kontraerasoa jo zutenean, eta gerraren amaiera etorri zen; gero, turkiar indarrek Esmirna berreskuratu zuten, eta Esmirnako sute handia gertatu zen.
Ondorioz, Greziako gobernuak Turkiako Nazio Mugimenduaren eskakizunak onartu zituen eta gerra aurreko mugetara itzuli zen, Ekialdeko Trazia eta Mendebaldeko Anatolia Turkiari utziz. Aliatuek bertan behera utzi zuten Sèvresko Ituna, eta itun berri bat negoziatu zuten Turkiako Nazio Mugimenduarekin, Lausanan. Lausanako Itunak Turkiako Errepublikaren independentzia aitortu zuen, eta Turkiako Errepublikak Asia Txikiaren, Istanbulen eta Ekialdeko Traziaren gainean zuen subiranotasuna ere bai. Greziako eta Turkiako gobernuek, bestalde, adostu zuten populazio truke bat egitea.