Txikipedia:Antzinako Grezia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Antzinako Grezia antzinaroan egon zen zibilizazio garrantzitsu bati deitzeko erabiltzen den izena da. Zibilizazio hau ez zen egon bakarrik gaur egungo Grezia modernoa dagoen lekuan; izan ere, Mediterraneoko beste leku askotara zabaldu zen, ondoko mapan ikus daitekeen bezala.
Zibilizazio handi hau Europan jaio zen lehenengoetariko bat izan zen eta oso garrantzi handia izan du Europa osoaren eta, oro har, Mendebaldeko herrialdeak deitzen direnen historian, zientzian, kulturan eta artean: antzinako mundutik ezagutzen ditugun matematikari, filosofo eta konkistatzailerik ospetsuenetako batzuk greziarrak ziren.
Herri greziarrak ez ziren estatu baten barruan batuta egon, hainbat hiri eta erreinu edo erresumatan banatuta baizik; eta askotan gerrak egiten zituzten haien artean. Greziarren hiri batzuk guztiz burujabeak eta independenteak ziren eta beren gobernua zeukaten, estatu baten antzekoa; horregatik, "hiri estatuak" zirela esaten da; Atenas, Esparta edo Korinto dira haietako aipagarrienak. Atenasen, gainera, hiritarrek aukeratzen zituzten beren agintariak, eta horregatik esaten da antzinako Grezian asmatu zela demokrazia deitzen den sistema politikoa. Beste leku batzuetan, berriz, erregeak zituzten. Denboran aurrera, hiri horietako batzuek indar handia eskuratu eta beren hiritar batzuk bidaltzen zituzten Mediterraneo inguruetara hiri berriak sortzera; hiri berri horiek aurreko besteen "koloniak" zirela esaten da, eta, hasieran bereziki, harreman oso estua izaten zuten jatorrizko hiriarekin.