Txikipedia:Iraultza neolitiko
From Wikipedia, the free encyclopedia
Iraultza Neolitikoa Neolito garaian gizakien bizimoduan gertatu zen aldaketa handi bat izan zen. Aldaketa horretan, ehiztari eta biltzaileen talde nomadak leku egonkorretan bizitzera pasatu ziren, lurra lantzeko eta animaliak janari-iturri gisa edukitzeko. Iraultza Neolitikoa gure aroa baino lehenagoko 10000. urte inguruan hasi zen, Ekialde Hurbilean, Ilgora Emankorra deitzen zaion eskualdean. Leku horretan hasi ziren gizakiak nekazaritzan lehen aldiz. Handik gutxira, munduko beste toki batzuetan ere hasi ziren nekazaritzan Harri Aroko gizakiak. Iraultza Neolitikoan agertu ziren berrikuntzen ondorioz sortu ziren zibilizazioak eta hiriak.
“Iraultza neolitiko” izena Vere Gordon Childe australiar arkeologoak proposatu zuen, 1935ean. Nekazaritzaren agerpenaren ondorioz, gizakiak herri paleolitikoak izatetik herri neolitikoak izatera pasatu ziren; beraz, gertaera horrek desberdintzen ditu bi herri mota horiek. Zibilizazio modernoaren alderdi asko antzinako historiako une horretan hasi ziren, pertsonak komunitateetan bizitzen hasi zirenean.