Txikipedia:Metal
From Wikipedia, the free encyclopedia
Metal gehienak elektrizitatearen eta beroaren eroale onak dira, baita gogorrak eta dentsitate handikoak ere. Guztiak solidoak dira merkurioa izan ezik; azken hori likidoa da. Taula periodikoan, elementuak masaren arabera daude ordenaturik, eta borotik poloniora bitarteko lerro diagonalaren ezkerraldean daudenak dira metalak. Bestalde, bi osagaiz osatutako nahasketari aleazioa deritzo, baldin eta nahasketaren elementu nagusia metala bada.
Historiaurretik, gizakiak metodo ugari erabili ditu metalak lantzeko; Brontze Aroa eta Burdin Aroa ezagunak dira. Gaur egun, metalek indar eta iraunkortasun handia dutenez, hainbat arlotan erabiltzen ditugu, hala nola eraikinetan, ibilgailuetan, garraiobideetan, hodietan, errepide-seinaletan... Metal erabilienak burdina eta aluminioa dira; izan ere, metal arruntenak dira lurrazalean. Horretaz gain, sarritan, burdina altzairuz egindako aleaziorako erabiltzen dugu. Burdina purua baino askoz gogorragoa da altzairua, eta horren % 2,1 karbonoa da.
Metalak elektrizitatearen eroale onak direnez, tresna elektrikoetarako erabiltzen ditugu. Gainera, korronte elektrikoa urruneko lekuetara eraman dezakete, eta ez dute bidean ia energiarik galtzen. Horregatik, elektrizitate-sare elektrikoek metalezko kableak (kobrezkoak, normalean) dituzte. Metalak beroaren eroale onak ere badirenez, sukaldeko tresnetarako erabiltzen ditugu.
Elementu jakin batzuek osatzen dute metalen kategoria, eta denek elkarren antzeko ezaugarriak dituzte, osagai kimikoei eta propietate fisikoei dagokienez. Naturan aurki ditzakegu; eta, gizakion garapenerako, funtsezkoa izan zen metalak erabiltzeko teknikak garatzea.
Atomo bakoitzak inguruan beste atomo batzuk ditu, eta horiek elementu metaliko berekoak dira. Atomoen tamainaren arabera, atomo bat elementu bereko 8 edo 12 atomoz inguratuta egon daiteke. Eta horiek sare kristalinoak sortzen dituzte. Atomo guztien elektroiak askerik mugitzen direnez atomoen artean, indar erakargarri berberak sortzen dituzte norabide guztietan.