Txikipedia:Musulmanen konkistak
From Wikipedia, the free encyclopedia
Musulmanen konkistak Arabiar penintsulan hasi ziren, Mahoma hil ondoren haren jarraitzaileek islameko erlijio berria zabaltzen hasi zirenean VII. mendearen hasieran, eta haien bitartez Ekialde Hurbila, Erdialdeko Asia, Afrikako iparraldea eta Iberiar penintsula bereganatu zituzten hamarkada gutxitan.
Mahoma Meka hirian predikatzen hasi zen bere doktrina, Kaabako santutegia zeukan hirian, alegia. Bertan merkatari aberatsen etsaia bihurtu zen, politeismoa ukatu eta musulman guztien berdintasunaren alde egiteagatik.
Ondorioz, Mekatik ihes egin eta Jatribe hirira joan behar izan zuen 622. urtean. Urte hura musulmanen egutegiko abiapuntutzat hartu zen. Une hartatik aurrera, Jatrib hiriak Medina izena hartu zuen (profetaren hiria).
Medinan, Mahoma buruzagi politiko eta erlijiosoa bihurtu zen. Gainera, armada bat bildu eta Meka konkistatu zuen 630. urtean. Hil eta bi urte geroago, Arabia osoa bere doktrinapean zegoen batua.
Mahomaren heriotzaren ondoren, eta Arabiar penintsula konkistatu eta gero, musulmanak Mediterraneoaren mendebaldeko lurraldeak konkistatzen hasi ziren. Hamar urtetan bakarrik, 632tik aurrera, Mahomaren jarraitzaileek Ekialde Hurbilaren gehiengoaz jabetu ziren.
Profeta hil eta mende bat ondoren, arabiarren menpeko lurraldea erraldoia zen: Indus ibaitik Atlantikora arte eta Saharatik Pirinioetara, Kaukasora eta erdialdeko Asiaraino. Hedapen-garai horren zati handi bat Omeiatarren gobernupean gertatu zen. Omeiatarrak kalifen dinastia bat ziren, eta Islama gidatu zuten VII. mendearen erdialdetik hurrengo mendearen erdialdera arte. Espainia musulmanean luzatu zen ere, X. eta XI. mendeen artean.