Astrobiologia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Astrobiologia edo exobiologia unibertsoaren jatorria, bizi goiztiarraren eboluzioa, banaketa eta biziaren etorkizuna aztertzen dituen zientziaren adarra da. Astrobiologiak galdera nagusitzat du ea Lurretik kanpo bizirik badagoen eta, egonez gero, gizakiek nola detekta dezaketen.[1][2]
Astrobiologiak beste munduetan bizia egoteko posibilitatea aztertzeko eta Lurraren biosferak dituen ezaugarriak ez dituzten biosferak aurkitzeko, hainbat arlo zientifiko baliatzen ditu, hala nola, biologia molekularra, biofisika, biokimika, kimika, astronomia, kosmologia fisikoa, exoplanetologia eta geologia[3]. Astrobiologiak datu zientifiko errealen interpretazioa egiten du; nahiz eta espekulazioa erabil daitekeen testuingurua ezartzeko, astrobiologiak dagoeneko existitzen diren teoria zientifikoen inguruko hipotesiak bakarrik egiten ditu. Zientziaren adar honek ikertzen du planeta-sistemen jatorria, espazioko konposatu organikoen jatorria, arroken, uraren eta karbonoaren arteko elkarrekintzak, Lurraren abiogenesia, planeten habitagarritasuna eta biziaren gaitasuna Lurreko eta kanpo-espazioko erronka ezberdinei aurre egiteko.[4] [5][6]Biokimika Big Bang gertatu eta gutxira hasi zela uste dute ikertzaileek, duela 13,8 mila milioi urte. Garai horretan unibertsoak 10-17 milioi urte besterik ez zituen.[7][8] Panespermia hipotesiaren arabera, Eguzki Sistemaren meteorito, asteroide eta beste gorputz txikiek sakabanatutako bizi mikroskopikoa unibertso osoan zehar egon daiteke.[9][10] 2015. urteko abuztuan argitaratu zen ikerketa baten arabera, galaxia oso handiak Esne Bidea bezalako galaxia txikiagoak baino egokiagoak izan daitezke planeta habitagarriak sortu eta garatzeko.[11] Lurra da, ordea, gizakiok ezagutzen dugun leku habitagarri bakarra.[12][13] Beste izarren inguruan bizitzeko baldintzak dituzten zonak aurkitzeko estimazioek,[14][15] "Zona zirkunestelar habitagarri" ere deritzenak,[16][17] aurkitu diren ehunka exoplanetekin batera, pentsarazten digute duela gutxi arte uste izan dena baino bizitzeko egokiak diren askoz ere leku gehiago egon daitezkeela unibertsoan.[18][19]Marte planetan Curiosity eta Opportunity rovers-en bidez egiten ari diren ikerketetan antzinako biziaren ebidentziak bilatzen ari dira, hala nola, antzinako erreka edo lakuen ondorio diren lautadak, habitagarriak izan zitezkeenak.[20][21][22][20] Marteko habitagarritasunaren ebidentziak fosilak (tafonomia) eta molekula organikoak dira bai NASAren eta bai ESAren helburu nagusiak.
Nahiz eta Lurretik kanpo bizirik ez existitu, astrobiologiari esker lortu diren ikuspuntu ebolutiboek onurak ekarri dituzte.[23]