Giza migrazio goiztiarrak
From Wikipedia, the free encyclopedia
Giza migrazio goiztiarrak kontinenteen arteko gizaki moderno eta arkaikoen lehen migrazio eta hedapeneideritze. Ustez, gutxi gorabehera duela bi milioi urte hasi ziren, Homo erectusaren Afrikatik kanpoko hedapen goiztiarrarekin. Hasierako migrazio hau bestelako gizaki arkaikoen migrazioa baino lehenago gertatu zen; hala nola, H. heidelbergensis, duela 500,000 urte inguru bizi zena eta, ustez, Denisovanoen, Neanderthalen eta gizaki modernoen arbasoa.[2]
Afrikan zehar, Homo sapiens bere espeziazio-denboraren inguruan hedatu zen, duela 300,000 urte inguru[3], 350,000–260,000 urteko tartean.[4][5] Arestiko Afrika-jatorriaren paradigmaren arabera, Afrika-kanpoko anatomikoki modernoa den gizakia duela 70,000–50,000 urte Ekialdeko Afrikatik migraturiko H. sapiensen populazio baten ondorengoa da, Asiako eta Ozeaniako kostaldetik migratuz hedatzen jarraitu zuena, duela 50,000 urte inguru. Europan zehar, era berean, duela 40,000 urte inguru hedatzen hasi zen gizaki modernoa.
Eurasiako Homo sapiens goiztiarraren fosilak Palestina eta Grezian aurkitu dira, duela 194,000–177,000 urtekoak eta duela 210,000 urtekoak, hurrenez hurren. Fosil hauek, ustez, Homo sapiens goiztiarraren huts egindako sakabanatze-prozesuak lirateke, seguruenik populazio Neanderthal lokalek ordezkaturikoak.[3][6][7][8][9]
Migratu zuten giza populazio modernoek zaharragoak ziren populazio lokalekin gurutzatzu zirela aski ezaguna da egun; hala, gaur egungo giza populazioak, zati batean bada ere –%10ekoa baino gutxiago, non baliorik altuenak Melanesian aurkitzen diren, eta baxuenak, Eurasia eta Afrikan–, giza arkaikoen eskualde-barietateen ondorengo dira.[10][11][12]
Azken Glaziazioaren Maximoaren ostean, Ipar Eurasiako populazioak Ameriketara migratu zuten duela 20,000 urte inguru, Ipar Eurasiako iparraldeeneko lurraldeak Holozenoaren hasierara arte –duela 12,000 urte inguru– populatua izan ez zen arren. Kanada Artikoa eta Groenlandia duela 4,000 urte izan zen giza hedaduraren helburu, Paleo-Eskimoak bertara ailegatu zirenean. Amaitzeko, Polinesia duela 2,000 urte inguru populatu zen ere, Austronesiarren hedapenaren azken fasean.