Alexandria Ocasio-Cortez
From Wikipedia, the free encyclopedia
Alexandria Ocasio-Cortez (New York, 1989ko urriaren 13a), zeina sarri AOC bezala aipatzen baitu prentsak, ekintzaile eta politikari estatubatuarra da. 2019ko urtarrilaren 3tik Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberako kidea da, New Yorkeko 14. barrutia ordezkatuz.[1] Kargua hartzean, Estatu Batuetako historiaren emakume batzarkide gazteena bihurtu zen. Ocasio-Cortez Amerikako Sozialista Demokratak plataformaren kidea da.[2]
Ocasio-Cortez benetan egin zen ezagun 2018ko ekainaren 26an, non, pronostikoen kontra, Partidu Demokrataren New Yorkeko 14. barrutirako hauteskunde primarioak irabazi zituen. Orduan, Ocasio-Cortezek Joe Crowley garaitu zuen, berau Partidu Demokrataren caucuseko presidentea eta hamar aldiz legebiltzarkide izan zena. 2018ko azaroaren 6an, Anthony Pappas aurkari errepublikanoa garaitu zuen hauteskunde orokorretan. 29 urte zituela, Ocasio-Cortez bihurtu zen inoizko batzarkide gazteena AEBetako Kongresuan.[3] Harrezkero, oso aktibo izan da sare sozialetan, gainerako kongresukideak baino dezente gehiago.
Ocasio-Cortez Amerikako Sozialista Demokratak plataformaren kidea da. Bera eta Rashida Tlaib dira, hain zuzen, talde horretako lehen kideak Kongresuan. Programa aurrerakoi baten alde egiten du, honako hauek proposatuta: denentzako osasun-asegurua, lanpostuen-garantia federala, Itun Berri Berdea, Immigrazio-departamentuaren desagerpena, doako unibertsitate-ikasketak, eta %70eko zerga 10 milioi dolarretik gora irabazten dutenentzat. Ocasio-Cortezek Nazioarteko harremanak eta Ekonomia ikasi zituen Bostongo Unibertsitatean, eta cum laude graduatu zen 2011n. Ondoren, taberna-zerbitzari moduan egin zuen lan, 2018an bere burua Kongresurako aurkeztu aurretik. Kongresukide bihurtu zenetik, etengabeko erasoak jaso ditu AEBetako talderik kontserbadoreen partetik.[4]