Banksia attenuata
From Wikipedia, the free encyclopedia
Banksia attenuata —Noongar herriak[3] argimutil banksia, banksia lerdena edo biara ere deitzen dio— Proteazeen familiako landare-espezie bat da. Gehienbatean, zuhaitz bat izaten da, eta 10 m-raino irits daiteke garaieran, baina sarri asko, inguru lehorragoetan, zuhaixka bat izaten da, 0,4 eta 2 m artekoa. Hosto luze, estu eta zerradunak izaten ditu, eta infloreszentzia hori distiratsuak, edo lore-zurtoinak, hostajearen gainetik, udaberrian eta udan agertzen direnak. Lore-zurtoinok, bestalde, zurezko folikuluak garatzean heltzen eta handitzen dira. Banksia attenuata Australia mendebaldeko hego-mendebaldearen zatirik handienean aurkitu ohi da, Kalbarri parke nazionalaren iparraldetik hasi eta Leeuwin lurmuturreraino, eta Fitzgerald Ibaiaren parke nazionalean zehar.
Banksia attenuata edo argimutil- banksia | |
---|---|
B. attenuata, Margaret Ibaia | |
Kontserbazio-egoera | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua: | Landarea |
Kladoa: | Trazeofitoak |
Kladoa: | Angiospermoak |
Kladoa: | Eudikotak |
Ordena: | Protealak |
Familia: | Proteazeak |
Generoa: | Banksia |
Espeziea: | B. attenuata |
Bi osagaitako izena | |
Banksia attenuata R.Br.[2] | |
Banksia attenuata nola dagoen banatuta | |
Sinonimoak[2] | |
|
John Lindley botanikari ingelesak Banksia cylindrostachya deitu zion James Drummond australiar botanikariak 1840an bildutako material bati, baina, gerora, egiaztatu zen Robert Brown eskoziar botanikariak 30 urte lehenago (1810ean) Banksia attenuata deitu zion espezie bera zela, eta, hala, Robert Brownen izendapena gailendu zen. Banksia generoan, ez dago argi zein leku eta zer erlazio dagozkion zehazki B. attenuatari.
B. attenuatta, bestalde, animalia mota askok polinizatzen dute, haiei elikagaia eskaintzen dielarik udako hilabeteetan. Hainbat espezie ezti-jale pausatzen da haren lore-zurtoinetan, hala nola tarsipes rostratus espezieko animalia, zeinak zeregin handia betetzen baitu haren polinizatzaile gisa. Suteetatik, berriz, bere zurezko oinarri lignotuberkulu izenekotik haziz berritzen da, edo enborrean azalaren pean dituen kimu epikormikoetatik. 300 urteraino bizi daiteke. Usu erabili izan da Australia mendebaldeko hirietan kale-zuhaitz gisa hiri-ekipamenduetako zuhaiztietan, nahiz eta, haren tamaina handia dela-eta, ezin izaten den gehienetan lorategi txikietan erabili. Alabaina, izaten dira salgai B. attenuattaren ale nanoak mintegietan.