Filosofia kontinental
From Wikipedia, the free encyclopedia
Filosofia kontinentala Europa kontinentaleko XIX., XX. eta XXI. mendeko tradizio filosofikoen multzoari dagokio[1][2]. Zentzu honetan, terminoa hizkuntza gisa ingelesa zeukaten filosofoen artean sortu zen XX. mendearen bigarren zatian. Hauek mugimendu analitikotik kanpo zeuden pentsalari eta tradizioei erreferentzia egiteko erabili zuten. Filosofia kontinentala Europa kontinentalean garatzen da nagusiki, hortik datorkio izena, bereziki Frantzia eta Alemanian. Bestalde, filosofia analitikoak jatorria Britainia Handian eta Estatu Batuetan izan zuen. Filosofia kontinentalaren ezaugarri nagusia espekulatiboagoa izatea da, historiari filosofia analitikoak baino garrantzia gehiago emateaz gain. Filosofia kontinentalak idealismo alemana, fenomenologia, existentzialismoa (eta bere aurrekariak, hala nola Kierkegaarden eta Nietzscheren pentsamoldeak), hermeneutika, estrukturalismoa, postestrukturalismoa, dekonstrukzioa, feminismo frantsesa, teoria psikoanalitikoa, Frankfurteko Eskolako teoria kritikoa eta marxismo okzidentalaren adarrak barne hartzen ditu. Mendearen lehen erdiko autore garrantzitsuenetako batzuk Edmund Husserl, Martin Heidegger, Jean-Paul Sartre, Maurice Merleau-Ponty eta José Ortega y Gasset izan ziren; bigarren zatikoak, berriz, Michel Foucault, Albert Camus, Jacques Derrida, Hannah Arendt eta Gilles Deleuze. Frankfurteko Eskolaren ordezkari nagusiak Theodor Adorno, Walter Benjamin, Max Horkheimer, Herbert Marcuse eta Jürgen Habermas izan ziren.
Zaila da mugimendu filosofiko hauetan guztietan komunak diren baieztapenak identifikatzea. Filosofía kontinental terminoak, filosofia analitiko terminoaren gisan, ez dauka definizio argirik. Simon Glendinningek proposatu zuen termino hau gutxiesgarria zela, ez deskriptiboa, eta errefusatutako filosofía okzidentalak edo filosofo analitikoen eskutik baztertuak izan diren teoriak etiketatzeko balio zuela[3]. Dena den, Michael E. Rosen komunean dituzten aspektuak identifikatzen saiatu da[4].
- Hasteko, filosofo kontinentalek ez dute sinesten natur zientziak fenomeno naturalak ulertzeko metodo bakar edo zehatzena direlako ideia (ikus zientifismoa). Honek euren ikerketak natur zientziei atxikita egiten dituzten filosofo analitiko askoren ideiekin kontrajartzen da. Filosofo kontinentalek diotenez, zientzia “teoriaren aurretik datorren esperientzia substratu” batetik eratortzen da eta metodo zientifikoek ez dute ahalbidetzen mundua bere osotasunean ulertzea[5].
- Bigarrenik, filosofia kontinentalak “esperientzia posiblea”-ren kondizioak aldakorrak direla kontsideratzen du: hein batean kontestua, kokapen espazio-tenporala, hizkuntza, kultura edo historia bezalako faktoreen araberakoa. Gauzak horrela, filosofia kontinentalak historizismorako tendentzia bat dauka. Bere aldetik, filosofia analitikoak filosofia jatorri historikoaz bereizita analizatu daitezken arazo diskretuen baitan ulertzen du (era berean, zientzialariek uste dute zientziaren historia ez dela beharrezkoa ikerketa zientifikorako). Kontrara, filosofia kontinentalak “argudio filosofikoa jatorri historikoen baldintza testual eta kontestualengandik bereizi ezin daitekeela” uste du[5].
- Hirugarren ezaugarri gisa, filosofia kontinentalak giza agentziak esperientzia posibleko baldintzak alda ditzakeela uste du: “giza esperientzia asmakuntza kontigentea bada, beste modu batzuetara sor daiteke”. Ondorioz, filosofo kontinentalek teoria eta praktikaren arteko batasunean interes handia erakutsi ohi dute; izan ere, euren ikerketa filosofikoak bilakaera pertsonal, moral edo politikoari lotuta joan daitezkeela uste baitute. Tendentzia hau oso garbi ikus daiteke tradizio marxistan (“filosofoek mundua modu desberdinetan interpretatu dute, baina garrantzitsuena hura aldatzea da”), baina baita ere existentzialismo eta postestrukturalismoan.
- Azkenik, metafilosofiarengan egiten duten enfasia daukagu. Natur zientzien garapena eta arrakasta ardatz gisa hartuta, filosofo kontinentalek filosofiaren natura eta metodoari definizio berri bat emateko saiakera egin izan dute[6]. Kasu batzuetan (idealismo alemana edota fenomenologia, esate baterako), hau ikuspegi tradizionalaren (filosofia lehen zientzia dela) berrikuntzan ikusten da. Beste kasu batzuetan, hala nola, hermeneutika, teoria kritikoa edo estrukturalismoan, filosofiak kulturalki edo praktikoki menderaezina den dominio bat ikertzen duela esaten da. Kierkegaard eta Nietzsche bezalako pentsalari kontinental batzuek duda egiten dute filosofiaren edozein kontzepziok bere helburuak bete ote ditzakeen.
Azken finean, aipatutako tesiak ezagutza, esperientzia eta errealitatea, ikerketa enpiriko soilaren ordez, hausnarketa filosofikoaren bidez konfiguratzen diren baldintzei lotuta egotearen ideia kantiar zabaletatik datoz[7].