Fruitu oskoldun
From Wikipedia, the free encyclopedia
Fruitu oskoldunak, eskuarki, hazi oleaginoso jangarri bakarra duten fruituak dira, eta heldu ahala, gogortuz doan azal janezin baten barruan daude. Hazi gehienak, oskoletik berez askatzen diren fruituetatik datozen arren, ez da gauza bera gertatzen hur, gaztaina eta ezkurrekin, adibidez.[1][2]
Ikusten denez, fruitu oskoldun ez da kontzeptu teorikoa, hedaduraz definitutako terminoa baizik, elikaduran, nutrizioan eta alergologian bereziki erabiltzen dena. Horrelako fruituen haziek, nutrizioaren ikuspegitik, antzeko konposizioa dute (energia eta nutriente ugari) eta osasunerako mesedegarriak dira, alergia-iturri izan daitezkeen arren.[3]
Fruitu oskoldun batzuk fruitu lehorrak dira, ez denak, baina bigarren sailkapen hori hezetasun graduari dagokio. Horretan ere, ez da gauza bera
- fruitu lehorra: perikarpo mamigabea, lehorra eta gogorra duen fruitua, ur-kantitatea % 50 baino gutxiago duena, manipulaziorik jasan gabe. Fruitu hauek koipe, proteina eta oligoelementu asko daukate, adibidez: arbendola, anakardoa, ekilore hazia, gaztaina, intxaurra, kuia hazia, pinazia, hurra…
- fruitu lehortua: ur gehiena erauzi zaiona. Adibidez, mahaspasa, datil, aranpasa, piku melatua, albertxiko, mertxika, sagar edota udare idorrak.
Terminoaren erabilera orokorra ez da oso murriztailea: fruitu oskoldun asko (fruitu lehordun, alegia), ez dira fruitu oskoldun adiera botanikoan. Terminoa, horma gogorra eta mami jangarria duten fruituak izendatzeko erabiltzen da, sensu stricto.[4]