COVID-19 pandemia
itsas elikagaien merkatu batean hasitako mundu mailako birus-agerraldia / From Wikipedia, the free encyclopedia
COVID-19 gaixotasunaren 2019-2020ko pandemia, laburtuta COVID-19 pandemia, COVID-19 izeneko gaixotasunaren eraginez 2019aren amaieran hasi zen pandemia da. SARS-CoV-2 birusak[1] eragiten du gaixotasuna, herri hizkeren koronabirusaren pandemia izenaz ezagunagoa da. Wuhanen atzeman zen lehen aldiz, Txinako Hubei probintziako hiriburuan. Zenbait gaixok arrazoi argirik gabe pneumonia garatu zutenean eta ordu arteko txerto eta tratamenduek haiengan eraginik ez zutela ikusi zenean izan zuten adituek birusaren berri.
COVID-19 pandemia
• Birus espezieen multzoa: Koronabirus • Birusa: SARS-CoV-2 • Gaixotasuna: COVID-19 •
|
2020ko urtarrilaren amaierarako, gutxi gorabehera zortzi mila kasu atzeman ziren.[2][3][4] Wuhango koronabirusak urtarrilaren 9an hil zuen egiaztatutako lehen gaixoa, hilaren bukaera zifra 170 ingurura handitu zen.[5][6][7][8] Epidemiologia ikerketen arabera, jende askoz gehiagok kutsatuta dirau, baina ez dira atzemanak izan.[3][9] Lehen Txinatik kanpoko tokiko kutsapena Vietnamen jazo zen, aita batek bere semeari gaixotasuna kutsatzean.[10] Familiatik kanpoko lehen kutsapena aldiz, Alemaniako Bavarian gertatu zen, urtarrilaren 22an, bavariar gizon batek txinatar enpresari baten bisita jaso zuenean europar herrialdean.[11]
Kutsapena eragozteko, Txinatar erakundeek berrogeita hamazazpi milioi biztanle dituen Wuhan eta inguruko hamabost hirik osatzen duten eskualdea konfinamenduan jarri zuten, gainera, hiriko garraio publikoa eta probintziartekoa (trenak eta aireportuak barne) behin-behinean geldiarazi zuten.[12][13][14][15][16] Txinatar Urte Berriko ospakizun ugari eta hainbat turistentzako interesgune itxi zituzten, horien artean Beijingo Hiri Debekatua, tenpluetako festa tradizionalak eta beste hainbat festa-elkargune.[17] Hong Kong hiriak gaixotasun kutsagarrien erantzun-maila maila gorenera igo zuen eta larrialdia ebatzi, hala, eskolak otsailaren erdialdera arte ixteko eta Urte Berriko ospakizunak bertan behera uzteko.[18][19]
Zenbait herrialdek bidai-oharrak ipini dituzte Wuhanera edo Hubei probintziara zuzendutako bidaietan, bidaiariei bertan dagoen birusaren berri emateko.[20] Txina kontinentala bisitatu duten bidaiariei haien osasuna gainbegiratzeko eskatu zaie, gutxienez bi astetan, eta edozein sintoma pairatuz gero haien sendagileekin hitz egiteko, birusa duten edo ez egiaztatu dadin.[21] Birusa duen edozein pertsonari eskatu zaio maskara bat eramateko soinean, eta haren sendagileari laguntza eskatzeko, telefono bidez edo zuzenean erietxera joanda.[22] Zenbait txinatar hotelek zigorrik gabeko ezeztapenak eta diru-itzulpenak eskaini dituzte.[23] Aireportuek eta tren geltokiek tenperatura kontrolak eta informazio guneak ezarri dituzte, birusa duten eriak atzemateko asmoarekin.[24]
Txinatar zientzialariek berehala lortu zuten birus berriaren sekuentzia genetikoa bakandu eta zehaztea, zeina ziztu bizian mundu osoaren esku jarri zuten, horrela, beste herrialdeetan ere birusa atzemateko PCR testak era independentean gara zitzaten.[25][26][27][28] Lehen berrogeita bat kutsatuetatik bi herenek nolabaiteko lotura zuen Huanango Itsaskien Handizkako Merkatuarekin, zeinean animaliak bizirik ere saltzen zituzten.[29][30][31][32] 2019-nCoV birusaren genomaren sekuentzia ehuneko 75-80an SARS-CoV birusarenaren parekoa da eta ehuneko laurogeita bostean beste koronabirusen genoma-sekuentziarekiko parekoa da.[33][34] Alabaina, ez dago oso argi birus hau SARS birusaren hilgarritasunera iristen den.[25][26][27][28]
2020ko urtarrilaren 30ean, Munduko Osasun Erakundeak birusaren agerraldia Nazioarteko Osasun Publikoko Larrialdi izendatu zuen; 2009tik (H1N1 pandemia jazo zen urte horretan) sei aldiz abiarazi da izendapen hori.[35][36][37][38] Urtarrilaren 31an, kutsagarritasunari, hilkortasun tasari, inkubazio aldiari, mundu mailako hedapen gaitasunari eta txertoa sortu arte beharko den denborari buruzko ikuspegi orokor bat argitaratu zen, birus berria antzinakoekin alderatzen dituena.[39]
2020ko martxoaren 11n, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) COVID-19 gaitzaren nazioarteko agerraldia "pandemia" izendatu zuen.[40][41]